Bizikletan

Ziklisten mugikortasuna, ibilgailuen zirkulazioa murrizteko bidea

Iruñeko Udalak ziklisten mugikortasuna hobetu nahi du, eta bidenabar ibilgailuen zirkulazioa murrizten lagundu.

Oro har, debeku da bizikletak espaloietan ibiltzea. Ziklistak, aukeran, galtzadaren eskuineko erreian ibiliko dira, eta, ahal dela, erreiko edo bideko erdialdea erabiliko dute.

Bizikletak, bizi-espaloia duen kale batean ibiliz gero, aukeran izanen du bizi-espaloia edo galtzada erabiltzea.

Bizi-espaloian ibiliz gero, Mugikortasuneko Ordenantzak 29. artikuluaren bosgarren atalean xedatutakoari men egin beharko zaio, bizikletak espaloi gainean ibiltzeaz bezainbatean.

BIZIKLETEN INGURUKO ARAUDIA
ORDENANTZA ETA ARAUDIAK

Zein arauk zedarritzen dute bizikletaren erabilera hirian?

BETEBEHARRAK ETA GOMENDIOAK
  • Zer bete behar du bizikleta batek hirian ibili ahal izateko?

Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrarekin bat, honako hauek bete behar ditu:

    • Galgatzeko sistema egokia eduki behar du, aurreko zein atzeko gurpilei eragiten diena.
    • Posizio-argiak eduki behar ditu, aurrean zein atzean, bai eta atzeko katadioptrikoa ere, honako egoera hauetan erabiltzeko: gauez, «tunel» seinalea duten bide-tarteetan eta ikuspena asko murrizten duten metereologia edo eguraldiko baldintzak gertatzen direnean.
    • Txirrina eduki behar du.

Segurtasunaren hobe beharrez, honako hau gomendatzen da:

    • Kaskoa erabiltzea.
    • Txaleko islatzailea jartzea gauez edo ikuspen urria denean.
    • Argi egokiak erabiltzea, besteek ikusten zaituztela bermatze aldera.
  • Bizikletaz ibiltzean, nahitaez erabili behar da kaskoa?

Trafiko Legearen arabera, hirian ez da derrigorrean kaskoa erabili behar, 16 urtetik beherakoen kasuan izan ezik. Derrigorrezkoa da, denontzat, hirien arteko bideetan. Nolanahi ere, hura erabiltzea aholkatzen da, garun-kalteak ekiditeko.

  • Bizikletek derrigorrean eduki behar dituzte txirrina eta argiak? Zer argi eta txirrina motak?

Bizikletek txirrina, argiak eta islatzaileak eduki behar dituzte, indarrean diren legeek ezarritako baldintzekin bat. Hartara, gomendatzen da argiak, islatzaileak eta kolore argiko jantziak erabiltzea, besteek ikusten zaituztela bermatzeko, segurtasunaren hobe beharrez, ziklisten istripu asko gertatzen baitira gidariek ikusten ez dituztelako.

  • Baimenik al dago bizikletetan haurrentzako aulkitxoak edo atoiak eramateko?

Bai. Bizikleten kasuan, baimena dago atoiak, erdiatoiak eta beste edozein elementu behar bezala homologatu erabiltzeko, haietan pertsonak edo zamak garraiatze aldera.

ZIRKULAZIOA
  • Ibil al daitezke bizikletak espaloietan eta oinezkoen guneetan?

Oro har, ez. Bizikletak horretarako prestaturik dauden espaloi eta parkeetan baino ezin dira ibili.

Ezin da ibili 10 km orduko baino abiadura handiagoan, eta errespetatu behar da, betiere, oinezkoek espaloi osoan duten lehentasuna. Ziklistak ezin badu oinezkoekin gutxienez metro bateko tartea gorde, bizikletatik jaitsi eta eskuz heldu behar dio.

Arreta are handiagoaz ibili behar da kantoietan eta honako hauen ondotik igarotzean: fatxadak eta atariak, garajeetako ibiak, autobus-geralekuak eta hondakin-edukiontziak.

Espaloia ez badago seinaleztatuta, ziklistak oinez joan behar du, bizikletari eskuz helduta. Gogoan izan galtzadan beti ibil daitekeela bizikleta gainean.

Parke publikoetan, pasealekuetan eta oinezkoen eremuetan bizikletaz ibil daiteke, betiere espaloi seinaleztatuetan ibiltzeko dauden muga berberak gordeta.

  • Bizikletaz, galtzadako edozein erreitan barna ibil daiteke? Eta erreiaren erdi-erditik?

Bai. Indarrean den arau-esparruaren arabera, bizikletak gainerako ibilgailuen parekotzat jotzen dira, eta, horrenbestez, komeni zaien galtzadako erreian barna ibil daitezke, erreiaren erdi-erditik egoki joz gero.

Halaber, gainerako ibilgailuek bezala, zirkulazio-arauak errespetatu behar dituzte: semaforoak, stopak, pasatzen uzteko seinaleak…

  • Ibil al daitezke bizikletak garraio publikorako erreserbaturik dauden erreietan barna?

Oro har, ez. Egin daiteke, bakarrik, seinaleen bidez berariaz baimendutako erreietan.

  • Ibil al daitezke bizikletak zirkulazio orokorraren noranzkoaren kontral?

Oro har, ez. Egiten ahal dute, bakarrik, autoentzako norabide bakarreko kaleetan, 30 km/h-ko abiadura-muga dutenetan, betiere, seinaleztatzen bada nahitaezko seinale batez.

  • Aurrea hartzen al diete bizikletek autoei semaforoetako geldiunetan?

Bai. Bizikletek aurrea hartzen ahal diete autoei gorri den semaforo batean geldirik daudenean, baina ezin dute semaforoan gelditzeko lerroa gainditu.

APARKALEKUA
  • Non aparka dezaket nire bizikleta?

Bizikletak horretarako paratutako euskarrietan aparkatu behar dira, behar den bezala lotuta. Baimena dago, baita ere, bizikletak hiri-altzarietan lotzeko, baldin eta euskarrietan toki librerik ez badago eta, betiere, honako baldintza hauek beteta: kasuan kasuko hiri-altzarian ezein kalterik ez sortzea, haren eginkizuna ez aldatzea eta ez oztopatzea ez oinezkoen zirkulazioa, ez irisgarritasuna, ez ibilgailuen zirkulazioa ere. Debeku da bizikletak lotzea zuhaitzetan, lorategi-ontzietan eta landare-hesietan.

  • Nola ekidin dezaket bizikleta lapur diezadaten?

Giltzarrapoa beti jarri, elementu zurrun bati lotuta. Bizikletaren koadroa lotu, eta, ahal dela, goiko aldetik.

Kalitatezko giltzarrapoa erabili: U itxurako giltzarrapo zurruna, artikulatua, etab. Kablezko edo zirgazko giltzarrapoak erraz ebaki daitezke. Merezi du diru gehixeago inbertitzea eta horrela lapurreta zailtzea.

Utzi bizikleta toki agerikoetan edo aparkaleku seguruetan. Aparkaleku segurua eskatu lantokian, enpresan, ikastetxean eta abarretan.

Bizikletaren erosketa-faktura gorde. Baliagarria izanen zaizu salaketa jartzeko. Fakturan serie-zenbakia apuntatu (pedalierraren kutxaren azpialdean grabatuta dago), eta faktura bizikletaren argazki batekin gorde.

Azkoin finkoak jarri itxigailu azkarren ordez. Batez ere, gurpiletan eta zelan.

Kanpainak

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies