- Ibil al daitezke bizikletak espaloietan eta oinezkoen guneetan?
Oro har, ez. Bizikletak horretarako prestaturik dauden espaloi eta parkeetan baino ezin dira ibili.
Ezin da ibili 10 km orduko baino abiadura handiagoan, eta errespetatu behar da, betiere, oinezkoek espaloi osoan duten lehentasuna. Ziklistak ezin badu oinezkoekin gutxienez metro bateko tartea gorde, bizikletatik jaitsi eta eskuz heldu behar dio.
Arreta are handiagoaz ibili behar da kantoietan eta honako hauen ondotik igarotzean: fatxadak eta atariak, garajeetako ibiak, autobus-geralekuak eta hondakin-edukiontziak.
Espaloia ez badago seinaleztatuta, ziklistak oinez joan behar du, bizikletari eskuz helduta. Gogoan izan galtzadan beti ibil daitekeela bizikleta gainean.
Parke publikoetan, pasealekuetan eta oinezkoen eremuetan bizikletaz ibil daiteke, betiere espaloi seinaleztatuetan ibiltzeko dauden muga berberak gordeta.
- Bizikletaz, galtzadako edozein erreitan barna ibil daiteke? Eta erreiaren erdi-erditik?
Bai. Indarrean den arau-esparruaren arabera, bizikletak gainerako ibilgailuen parekotzat jotzen dira, eta, horrenbestez, komeni zaien galtzadako erreian barna ibil daitezke, erreiaren erdi-erditik egoki joz gero.
Halaber, gainerako ibilgailuek bezala, zirkulazio-arauak errespetatu behar dituzte: semaforoak, stopak, pasatzen uzteko seinaleak…
- Ibil al daitezke bizikletak garraio publikorako erreserbaturik dauden erreietan barna?
Oro har, ez. Egin daiteke, bakarrik, seinaleen bidez berariaz baimendutako erreietan.
- Ibil al daitezke bizikletak zirkulazio orokorraren noranzkoaren kontral?
Oro har, ez. Egiten ahal dute, bakarrik, autoentzako norabide bakarreko kaleetan, 30 km/h-ko abiadura-muga dutenetan, betiere, seinaleztatzen bada nahitaezko seinale batez.
- Aurrea hartzen al diete bizikletek autoei semaforoetako geldiunetan?
Bai. Bizikletek aurrea hartzen ahal diete autoei gorri den semaforo batean geldirik daudenean, baina ezin dute semaforoan gelditzeko lerroa gainditu.